
"NUTRIENTEAK BERRESKURATZEA GUZTION INTERESEKO IKERKETA-LERRO BAT DA"
ANDREA LÓPEZ, MAGNYFOS PROIEKTUAREN INGENIARIA ETA IKERTZAILE NAGUSIA
Andrea López Martín (Irun, 1985). Kanpo-promozio bat lortu zuen, 2023an. Ustekabekoa bezain atsegingarria, haren balio profesionala aitortu eta mugarria izan zen haren jardun profesionalean: idazkari tekniko berria izendatu zuten Espainiako Ur Hornikuntza eta Saneamendu Elkartea (AEAS) nazioko entitatearen I+G+Bko talde transbertsalean. Espainiako hiri-uraren sektoreko erreferentziazko elkartea da. Sektore publikoko nahiz pribatuko 300 enpresa ditu, eta guztira 35 milioi pertsonari baino gehiagori ematen die zerbitzua, 1.700 udalerritan.
Lópezek Soledad Canal ordeztu zuen, erretiroa hartu baitzuen. I+G+Bko taldearen lanak koordinatuko ditu, zeinak bi azpitalde ditu: batetik, eraldaketa digitalekoa, eta, bestetik, informazioa modelizatzekoa (BIM, ingelesezko siglak: building information modelling); azken azpitalde horretan, NILSAko Irati Aldaz Lusarreta ingeniariak ere parte hartzen du.
I+G+Bko taldeak 30 kide baino gehiago biltzen ditu. Hona hemen batzuk: Uraren Euskal Agentzia, Agència Catalana de l'Aigua, Augas de Galicia, Canal de Isabel II.a (Madrilgo Erkidegoa), Consorcio para el Abastecimiento y Saneamiento de Asturias, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa eta Consorcio d’aigües de Tarragona (titulartasun publikokoak guztiak), baita NILSA bera ere. Titulartasun pribatuko enpresei dagokienez, FCC Aqualia, Indra, Facsa, Socamex eta Cadagua ditu bazkide, besteak beste. Pertsona batek baino gehiagok parte har dezake entitate bakoitzeko; beraz, taldeak 115 aditu ditu guztira, eta idazkaritza teknikoaren kohesio- eta koordinazio-lana funtsezkoa da haientzat.
Lópezen ibilbideari dagokionez, 2019an hasi zen NILSAn, I+G+Bko arloko ikertzaile gisa. Haren arduraduna Jairo Gómez Muñoz da, eta Itsaso Ilzarbe Senosiain ere talde teknikoko kide da. Tuteran lan egiten dute hiruek, Nafarroako bigarren araztegi handiena dagoen tokian, eta han ere laborategi bat dago. Araztegi horretan, hain zuzen, egiten dira ikerketa- eta garapen-proiektuen proba pilotu gehienak.
AEASen lan egiteaz gain, NILSAn ere jarduten jarraitzen du. Besteak beste, MAGNYFOSproiektuaren koordinatzailea da, eta beste hiru bazkidek parte hartzen dute hartan (Gipuzkoako CEIT, Nafarroako MAGNA eta Bartzelonako Unibertsitatea). Proiektuaren azken helburua araztegietako fosforoa berreskuratzea da. Proiektu horren aurrerapenak AEAS elkarteko I+G+B taldean partekatzen diren gaietako bat dira, bazkideen artean ezagutza partekatzeko eta sinergiak sustatzeko.
Ingeniariak proiektuari buruzko galdera batzuei erantzungo die jarraian, jendeari, oro har, proiektua zertan datzan azaltzeko. Bidenabar, esango dugu gure gorputzaren % 1 fosforoa dela, hau da, pertsona baten pisuaren ehunena. Hartara, organismoan dagoen bigarren mineral ugariena da (kaltzioa da ugariena). Biak dira ezinbesteak hortzak eta hezurrak osasuntsu egoteko. Lópezek dioen bezala, hondakin-urari buruz mintzatzea gauza askori buruz mintzatzea da.
Zergatik da garrantzitsua hondakin-uretan dagoen fosforoa berreskuratzea, hau da, MAGNYFOS proiektuaren helburu nagusia?
Arrazoi bat baino gehiago dago: ingurumenekoa (ibaien eutrofizazioa), teknikoa (arazoak tutuetan eta sareetan) eta geoestrategikoa (hirugarren herrialdeekiko dependentzia bizirako oinarrizkoa eta funtsezkoa den nutriente bat lortzeko).
Eutrofizazioa ibaien ibilguetan alga gehiegi haztea da. Besteak beste, oxigenoa desagerrarazten du horrek, erabat desagerrarazi ere batzuetan, eta, ondorioz, animaliak hiltzen dira. Uretan fosforo eta nitrogeno gehiegi egoteak dakar ugaltze hori, eta funtsezkoa da murriztea.
Sareetan sortzen diren arazoak ulertzeko, esan dezakezu kolesterolak arterietan egiten duena egiten duela fosforo gehiegi izateak: beste elementu batzuekin batera, ur-tutuak buxatzen dituzten konposatuak sortzen ditu.
Bukatzeko, Europak, oro har, eta Espainiak, zehazki, hirugarren herrialdeekiko dependentzia handi-handia du, fosforoa ez ezik, bizirako ezinbestekoak diren beste nutriente batzuk ere lortzeko. Europar Batzordeak politika komunerako mehatxu gisa identifikatutako arazoetako bat da: gehiegizko dependentzia hirugarren herrialdeekiko, eta, batzuetan, haiekin ditugun harreman komertzial, diplomatiko eta politikoak, besteak beste, ez dira beti onenak, eta hautsi ere hautsi litezke. Autohornikuntza ezinbestekoa izaten hasi da, ez bakarrik gas eta energiarako, oro har, baizik eta konposatu mineraletarako ere. Horregatik, fosforoa berreskuratzeak ekonomia zirkularra sustatzen laguntzen du, eta, gainera, bat egiten du jarrera geopolitiko komun batekin. Horrek guztiak dakar ia-ia hondakintzak jotzen den elementu bat baliabide bilakatzea. Izan ere, hasieran dirudi baino askoz ere deribatu gehiago dute gauza guztiek.
Zerikusia du magnesioak horretan?
Proiektuaren izendapenak (MAGNYFOS) bi hitzak hartzen ditu: magnesioa eta fosforoa. Izan ere, magnesioaren forma bati esker prezipitatzen da fosforoa. Gero, berreskuratu eta aplikatu egin dezakegu. Ildo horretatik, Magnesitas de Navarra-rekin lanean ari gara. Behar dugun magnesioa ematen digu enpresak, magnesio oxidoan, zehazki. Magnesitak ekoiztean lortzen du. Eta Zubirin lortzen du, gainera, hau da, hurbiltasuneko produktu bat erabiltzen dugu, kilometro zeroko produktu bat, nolabait esateko.
Eta zergatik gauzatu da proiektua Tuterako araztegian?
Gero praktikara eraman dezakegun hori modelizatu eta matematikoki simulatzea ahalbidetzen duen instalazio pilotu bat dugulako han. Instalazioa LIFE NADAPTA proiektutik oinordetu dugu. Proiektu honetarako egokitu eta aldatuta, berriro aprobetxatu eta bigarren bizi baliagarri bat ematen ari gara. Gainera, egiaztatu dugu eskala handira eraman ditzakegula eskala txikian lortzen ari garen emaitzak. Entseguek aplikazio erabilgarriak izango dituztela badakigu, eta horrek fidagarritasuna eta konfiantza ematen ditu.
Egia da Tuterako araztegiaren hondakin-uren korrontea ez dela egokiena (kaltzio-kontzentrazio handia du, eta horrek oztopatu egiten du konposatu jakin batzuetan fosforoa berreskuratzeko lana), baina aurkitu dugu Iruñeko araztegiaren korrontea egokiagoa dela eta, hartara, hemen ikasten duguna han aplikatzen dugu. Iruñerriko Mankomunitatearekin batera egiten dugu, huraxek operatzen baitu araztegi hori.
Edonola ere, fosforoa berreskuratzeko emari egokia duten ur-korronteen beste mota beterako ere balio du Tuteran ikasten dugunak. Eta hori da garrantzitsuena.
Jada praktikan aplikatzen ari zarete ikertu duzuen zerbait?
Gure aurreikuspena da 2024ko amaieran egitea, Tuterako araztegian. Nafarroako bigarren araztegi handiena da. Handiena Arazurikoa da, Iruñerriari zerbitzua ematen diona. Eta ezinbestez egin behar dugu Europar Batasunak urari buruz agindu duen esparru-araudi berriak araztegietatik ateratzen diren uretan fosforoa nabarmen murriztu behar dela exijitzen duelako, eta, noski, araudia bete egin behar dugu. Izan ere, proiektuaren amaiera-data seihileko bat atzeratu da, 2024ko ekainera arte, eta, horri esker, ikertzen jarraitu ahalko dugu.
Zerbait nabarmendu nahiko zenuke proiektuari buruz?
Giza alderdiei dagokienez, Itsaso ilzarberen lana. Eskala pilotuan egindako entseguetan lagundu du, eta lortutako emaitzak, goian esan dudan bezala, instalazio hidraulikoki sofistikatuagoak direnetan lor litezkeenen berdinak dira. Zer ikertu nahi dugun alda ditzakegu prozesuak, baina ekipo teknologikoak ez, ekipo teknologikoek hortxe jarraitzen dute, berberak dira, tamaina gorabehera, eta balio dute.
Ikertzaile nagusia naiz ni MAGNYFOSen, baina Ilzarbek funtsezko lana egiten du datuak biltzen. Elkarlanena ari gara etengabe.
Bestetik, kontuan hatu behar dugu nutrienteak berreskuratzea, ikerketa eta garapenerako ildo nagusi gisa, interesekoa dela ura edo ingurumena, besteak beste, lan-ardatz duen edozein erakunde publiko eta pribaturentzat.
Hasierako galderan esan dudan bezala —eta elkarrizketaren zikloa ixteko baliatuko dut orain—, askotariko arloetan abantailak ematen ditu elementuak berreskuratzeak. Arlo horietako bat ekonomikoa da, eta arlo transbertsala da. Iraunkortasunagatik, geoestrategiagatik, ekonomia zirkularragatik, bizi-iraupenagatik, enpresa-etekinagatik, interes publikoagatik... fosforoa hondakin-uretatik nola berreskuratu ikertzea maiuskulaz idatzi beharreko BAI bat da.
