Ikaskuntzako espiral interesgarri eta hedakorra

Una espiral de aprendizaje

"Ikaskuntzako espiral interesgarri eta hedakorra"
 

I+G+BKO TALDEAREN GUTUNA: JAIRO GÓMEZ, ANDREA LÓPEZ ETA ITSASO ILZARBE

Azken urteetan “hautsi” egin da burmuinak adin batetik aurrera ikasten jarraitu ezin dezakeen ustea. Eta hortik bi ideia ateratzen ditugu: bizitza osoan egon gaitezkeela ezagutzak gureganatzen eta, batzuetan, ezagutza horiek desmuntatu eta berriro eraiki behar direla, neurtzeko, aztertzeko eta interpretatzeko gaitasuna landu eta hobetu ahala. Eta ikaskuntzako eta berrikuntzako espiral interesgarri eta hedakor hori dugu langai NILSAko I+G+B arloan.

López, Gómez eta Ilzarbe lanera gatoz hiriko hondakin-uraren saneamenduaren sektorea alor eraginkorrago, berritzaile eta optimo egitera. Eta, horretarako, galdera eta erronka hauei, besteak beste, aurre egiten saiatzen gara: Zer gertatzen da egiazki prozesuaren etapa honetan? Nola atera diezaiokegu onura tratamendu-lerroaren korronte honi? Zer egin beharko genuke puntu hau hobetzeko, zeren eta dena aldatuko bailuke horrek?  

Horrela esanda, oso abstraktua dirudi dena, eta, noski, izan baditugu une filosofikoago eta sortzaileagoak, baina lurreratu, helburutan, zereginetan, entsegutan eta ondoriotan gauzatu behar da hori dena. Beraz, Zer gertatuko litzateke, baldin eta…? galderak sortzen duen txinparta horretatik su egiten jakin behar dugu. Proposamenek, taxutzen ez baditugu, hau da, ideiatik harago eramaten ez baditugu, balio gutxi dute guretzat, urte berriaren asmoek bezain gutxi. Ez dezagun sinets, ordea, lehen saiakeran asmatuko dugula, funtzionatuko duten ideia eta proposamenak izango ditugula.

Jakitun izan behar dugu ideia horietako batzuek ez dutela asmatuko lehen saiakeran, edo esango digutela nondik ez dugun jo behar, eta, hala ere, baliagarria izango da gehienetan. Izan ere, nondik jo behar ez den jakitea emaitza berdin egokia da, eta hori baloratzen ere ikasi behar da. Gainera, prozesu eta proiektuetan zehar batzuetan sortzen den ziurgabetasuna eta frustrazioa edo tentsioa kudeatzea aberasgarria da. Lan-arloan eta bizitzan surfeatu ahal izateko gureganatu behar ditugun gaitasunetako bat da hori.

Baina joan gaitezen harira. Ikus dezagun nola jorratzen ditugun sektoreak aurrean dituen erronketako batzuk. Har ditzagun bide batean puntu jakin batean elkartzen diren bi xenda. Alde batetik, badakigu elementu batzuk, hala nola nitrogenoa, fosforoa eta potasioa, funtsezkoak direla landareak hazteko. Bestetik, hiri-hondakinen arazketari dagokionez, mugatu edo kontrolatu egiten da elementu batzuen kontzentrazioa araztegiaren irteeran, zeren eta, ibaira iristen badira, arazoak sor baititzakete ur-ingurunean. Izan ere, algak ugaritzeak dagoen oxigenoa kontsumitu, eta ekosistemen oreka arriskuan jar dezake. Bada, nahiko interesgarria dirudi bi xenda horiek bideko puntu batean bat egitea. Alternatibak, teknologiak eta tratamenduak planteatu litezke orduan, arazketa-prozesuaren korronte kontzentratuetan nutriente horiek berreskuratzen lagunduko digutenak.  

Eta aukera-sorta zabala sortzen da. Orduan, aztertu, eta baten bat gure kasu zehatzerako bideragarria den egiaztatu behar dugu. Eta hasieratik azpimarratu eta kontuan hartu behar da hori, ez baitago aukera bakarra kasu guztietarako, aukera guztiek ez baitute funtzionatzen toki guztietan, eta ezinbestekoa da soluzio teknologikoak gure beharretara egokitzea. Berriro ere, ideiak eta proposamenak zerbait baliagarri eta praktiko bilakatzen jakitea, hobetzea helburu. Ildo horretan, Ilzarbek eta Lópezek bai proiektu nazionaletan, bai lokalagoetan lan egin dugu, zehazteko zer eragiketa-baldintzatan zen eraginkorragoa nitrogenoa eta fosforoa berreskuratzea gure arazketa-tratamenduen hainbat korrontetan. Nahi al duzue aurreratzea edo laburtzea urte hauetan aurkitu duguna? Bada, gauza xumeak egitea, hala nola pH pixka bat doitzea eta prozesuaren barne-korronteetan aldaketak egitea, oso garrantzitsua dela prozesu globalean. Eta zer behar izan dugu ondorio horietara iristeko? Denbora luzea eta entsegu eta datu ugari (ez distiratsuak guztiak, baina bai oso baliagarriak esateko nondik jo eta nondik ez jo). 

Hona hemen I+G+B arlokoak harrapatuta gaituzten erronka horien beste adibide bat: prentsan urari buruzko albisteak bilatzen baditugu, uraren hiri-zikloan agertzen diren kutsatzaile emergenteei buruzkoak topatuko ditugu, lehorteari buruzkoez gain. Alde batetik, argi dago gure bizimoduaren ondorio dela. Izan ere, kontsumitzen dugun guztiak gure etxeetatik ateratzen diren uretan eragiten du. Baina horrek ez du esan nahi zerbait egiten saiatu behar ez dugunik. Eta hortxe zabaltzen da lan-lerro bat: konposatu batzuk identifikatu, zehaztu eta ezabatzea, hala nola sendagaiak eta organismo patogenoak.  

Gehien erabiltzen diren teknologiak oxidazio aurreratuko tratamenduenak dira. Makina bat erreaktibo, erreakzio eta erreaktore barne hartzen dituzte. Gómez eta Ilzarberen lan nagusia arlo horretan izan da lastoa eta alea bereiztea, hau da, arazketaren gure berezitasunetarako erabilgarri diren tresnak topatzea. Europar proiektu batean kokatu da lana, eta emaitzak hain interesgarriak izan dira, ezen beste proiektu batekin jarraituko baitugu. Partzuergo sendoago batekin egingo da, gainera, eta horrek ikasten, aurrera egiten eta araztegietako efluenteen kalitatea hobetzen jarraitzeko aukera emango du. 

Egiten dugun guztia hedatu behar dugula ere ikasi dugu, ez bakarrik modu teknikoan, baizik eta dibulgatiboan ere. Izan ere, baliabide unibertsal bat lantzen duen entitate publiko bat gara. Zeren eta badago ezinbesteko paper bat gure etxeetako bakoitzean, gure eguneroko kainu eta ekintzekin. Agian, orain arte, ez genekien non zegoen gure herriko araztegia, edo ez genekien zer-nolako inpaktu handia izan dezaketen komunontzira botatzen diren toallatxoek, baina informazioaren eta ezagutzaren aroan gaude, guztiok ditugu bata zein bestea eskura, eta ezin dugu ez ez entzutearena, ez ez ikustearena egin herritarrok, oro har, ukitzen gaituen gai honetan. Gure ekimena ildo horretan I+G+Bko Tantak sortzea izan da. Arloan egiten ditugun lanak ezagutarazteko espazio bat da, gero eta jende gehiagok ezagut dezan zer gai jorra eta zer arazo konpon ditzakegun guztion artean.

Bukatzeko, a priori ukiezin den zerbait nabarmendu nahi genuke, ukitzen dugun guztia blaitzen baitu: gogo handiak eta poza. Gure lana maite dugu, eta sortu dugun taldea ere bai. Barneko eta kanpoko sare bat sortu dugu, pasioz eta energiaz betea, sektorearen I+G+Baren zutabe dena, aurrera egiten lagunduko diguna. Ez dezagun ahatz erantzukizuna eta konpromisoa urarekiko dela, hots, bizirako ezinbestekoa den baliabide batekiko, eta gure denbora, ahalegina eta energia hari ematea ohore bat da, goiz jaikitzea merezi duen zerbait.

Nilsa